Euskera

Sobre la asociación

Espainiako Konstituzionalisten Elkartea (ACE) 2002an sortu zen, Konstituzio Zuzenbidearen eremuan irakasle, ikerlari eta espezialisten artean komunikazioa mantentzeko helburu barneratzailearekin. Sortze-helburuak, gure estatutuetan daudenak, jakintzagai honetako ikerketaren eta irakaskuntzaren hobekuntza dira, horretarako kideen arteko harreman iraunkorrari bide emanez, jarduera akademikoen antolakuntza eta babesaren bitartez, horien artean urteroko kongresua delarik nabarmenena.

Halaber, Elkarteak lankidetzako hitzarmenak sinatuta ditu hainbat erakunderekin, hala nola, ACEko egoitza den Ikasketa Politiko eta Konstituzionaleko Zentroarekin (CEPC), Manuel Giménez Abad Fundazioarekin eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorrarekin (CGPJ). Bestalde, beste herrialde batzuetako elkarteekin harreman estuak ditugu, bereziki europar eta iberoamerikar eremuetan.

Luis López Guerra, José Luis Cascajo, Eliseo Aja, Javier García Roca, Miguel Revenga Sánchez, eta Pablo Pérez Tremps irakasleen jarraiko zuzendaritzapean, momentu bakoitzeko Zuzendaritza-Batzordearen lanarekin, eta bere kideen erantzun eta lanaren bidez, Espainiako Konstituzionalisten elkargune akademiko, profesional eta pertsonal nagusiena bezala sendotzea lortu du urte hauetan gure elkarteak. Gaur egun laurehun kide inguru ditu, berrogei bat unibertsitate publiko eta pribatuetakoak, eta hazten goaz, bazkide berriak gehitzen, beti ere irekiera eta integrazio bokazioarekin.

Elkartearen sorreratik, urteko kongresua egiteko konpromisoa mantentzea lortu dugu, eta kongresu bakoitzean aurkezturiko ponentzia eta komunikazioekin osatutako liburuak argitaratzekoa ere bai. Tirant lo Blanch argitaletxeak biltzen ditu bere katalogoko bilduma batean bilkura horien aktak, kasu bakoitzean landutako gaiak oso desberdinak izan direlarik: Konstituzioaren defentsa, Gobernua, Europako Konstituzioa, Autonomia Estatutuak, Konstituzio Auzitegia, Botere Judiziala, Konstituzioaren 30 urte, Europako Konstituzio Zuzenbidea, Gizarte Eskubideak, Cádizko Konstituzioa edo Estatuaren lurralde antolamendua.

Egungo Zuzendaritza-Batzordeko kideok Leóngo 2017ko kongresuan hautatu gintuzten. Gure xedea sortze-helburuak mantentzea da, eta elkartearen zenbait alderdi hobetzea, beste batzuen artean, urteroko kongresuen formatuan eraberritze bat lortzea, eta ACEk bere bazkideekin eta gizartearekin duen komunikazio-politika hobetzea. Bide honetan, gure lehen ekarpena elkartearen web berria eraiki eta abiaraztea izan da. Web-orri honek komunikazio eta informazio tresna eraginkor batean bihurtu nahi du ACEko kideentzat, eta baita ere Konstituzio Zuzenbidean interesatuta egon daitezkeen guztientzako.